ARITZ SOUND SYSTEM |
 |
Musikaren
gaixotasunaz kutxatutako adiktoa, eguneroko dosiaren bila etengabe.
Urteetan Ixah musikaren sustatzailea izan da bere eskura dituen baliabide
guztiekin; musika jartzailea (musika beltza: reggae, rap, soul, funk,
afro-brasildar doinuak, e.a.), Selektah Kolektiboko sortzaile eta
partaidea, irrati esataria (Molotoff Irratia, Info 7), musika aldizkarietan
kolaboratzaile (Entzun!, Gaztetxulo, Gara-Kaleidos), Bob Marley “Maitasuna,
Begirunea eta Askatasuna” liburuaren egilea, sound system eta
musika jaialdien antolatzaile, e.a.
.jpg)
(Arg. Conny Beyreuther)
ARITZ SOUND SYSTEM
Musika “adiktoa”, eguneroko dosiaren bila etengabe. Musika zaletu amorratua da eta musika estilo asko entzuten baditu ere, musika beltza eta elektronikoa dira gehien maite dituenak (Reggae, rap, soul, funk, afro-brasildar doinuak, etab.). Gustukoak dituen doinuak Euskal Herrian zabaltzeko eta ezagutarazteko helburuarekin bitarteko desberdinak erabili ditu.
DISKO JARTZAILEA
Aritzek gustukoak dituen doinuak lau haizeetara zabaltzen dihardu etengabe. Disko jartzaile modura lehen pausoak Molotoff Irratiko txosnan ematen ditu 1994. urtean. Orduz geroztik, etengabea izan da bere jarduera. Inolako promoziorik egin gabe, eta bere harridurarako, Euskal Herriko txoko desberdinetatik deitu dute urte guzti hauetan (ahoz aho zabalduta). Aritzek ez du ezer ikusgarria egiten eta teknikoki ere ez dio nahasketari garrantzi gehiegirik ematen. Saioetan estilo desberdinak jartzen ditu, beti ere, festa egiten den tokiaren eta dagoen jendearen arabera. Soinu ekipo propioa eramaten du. Aritz Sound System izena erabiltzen du, Jamaikako sound systemen omenez. Berarekin batera abeslariak eta break dantzariak ere doaz askotan.
SELEKTAH KOLEKTIBOA
Historia laburra
1999. urtean, rap eta orohar, musika beltzaren zaletu amorratuak garen Zigor Dz, Molte Mc, Daddy Jeff, Wanka eta Aritz Sound System-ek Selektah Kolektiboa sortzen dugu. Hasieratik, kolektibo izaera ematen diogu egitasmo berri honi, Kolektiboko partaide bakoitzak, bere aldetik, independenteki eta askatasun osoz gauzak egiteko aukera izan dezan eta era berean, hasieratik, Kolektiboko partaide izan ez arren, baina gure helburuekin bat egiten duen orori, ateak zabalik utziaz.
Helburuak
Euskal Herrian oraindik ezezaguna den musika beltza zabaldu eta ezagutarazi eta Euskal Herrian, konpromizu politiko batetik, musika beltza euskaraz egin daitekeela erakutsi.
Bitartekoak
1-
Diskoak eta kontzertuak
Bi disko; “Euskal Hip-Hop” (Esan Ozenki) eta “Esperientzien etorbidetik” (Metak) eta diskoen kantuekin ehunka kontzertu eman ditugu (eskerrak antolatzaile eta ikus entzuleei)
2-
Festa eta sound systemak.
Euskal Herrian musika erakusteko eta musikarekin gozatzeko moduak zabaldu nahian, jamaikar sound systemak oinarri hartuta, hainbat festa egin ditugu.
3-
Bestelakoak (irrati saio, idatzi, e.a.)
2005
Kantu berriak prestatuta, eta Metak diskoetxearen babes guztiarekin, diskoa grabatzen hasten gara. Bizitzaren gora beherak medio, guk nahi dugun emaitza lortzeko baldintzarik gabe, oraingoz diskoa ez kaleratzea erabakitzen dugu.
Selektah Kolektiboko partaideok, Selektah bezala edo bakoitza bere aldetik (orain arte egin bezala), musika beltzaren bidean jarraituko dugula argi dugu eta denborak esango du, disko berria aterako dugun ala ez. Gogo faltagatik ez da izango behintzat.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Metak diskoetxeko lagunei eta urte guzti hauetan, nola edo ala, babesa eta maitasuna eman diguten guztioi. Azkenik, publikoki barkamenak eskatu nahi ditugu, diskoaren iragarpenak sortuko zituen eragozpenengatik.
Musika beltzaren itzala zabaltzen jarraitzen dugu!
Riddim Selektah!
ANTOLATZAILE
Oso gaztetik musikaren inguruko ekitaldiak antolatu izan ditu. Hernaniko Rock Astearen antolatzaile izan zen bi urtez eta Hernaniko jaietan parte hartze garrantzitsua du (Jai Batzordea, txosna batzordea eta soinu ekipoa). Molotoff Irratiak San Juan jaietan antolatzen duen txosnaren koordinatzailea da eta txosna horrek duen musika egitarauaren arduraduna. Horretaz gain, Igande Musikatuak, Artixten Topaketa, Kalejira Musikatua edo Hip-Hop egunen antolatzailea da (www.ixah.net)
IRRATIA
1989. urtean Hernaniko Molotoff irrati librean saioa egiten hasi zenetik etengabea izan da irratiarekin izandako harremana. Molotoff Irratian Sound System saioa egiteaz gain, EGIN irratian ere izen bera zuen saioa egin zuen lau urtez (1998. urtean Garzonek irratia eta egunkaria indarrez itxi zituen arte). Astigarragako Irrintzi irratian ere saioa egin zuen bi urtez (Manolo “Rebel Radio” rekin batera) eta Euskadi Irratiko kolaboratzaile izan da hiru urtez “Siestarik ez” saioan, disko berrien aurkezpenak eginez.
Sound System saioa
Sound System saioa 1992. urtean hasi zituen bere emanaldiak. Aurretik, Aritzek “Tope Bwana” izeneko saioa egiten zuen Molotoff Irratian (1989. urtetik) eta hau ere musika beltzari (reggaeari) bereziki eskainitako saioa zen. Sound System izenarekin saioa egin duen urteetan, milaka kantu eta ehunka lagun elkarrizketatu ditu saioan. Saio bereziak ere ugari izan dira: zuzeneko sesioak, abeslariekin saioak, etab.
Sound System saioa “Musika Beltza” eta “Elektronikoa” delako musikei eskainitako saioa da. Saioan musika da protagonista. Aipatu estiloetako musikak jartzen dira (reggae, rap, soul, funk, afro-brasildar doinuak, drum& bass, jungle, dub, etab.) eta disko berri eta nobedadeei ematen zaie lehentasuna. Musika asko entzuteaz gain, tarteka, musika horren egileak elkarrizketatzen dira; musikariak, festa eta jaialdi antolatzaileak, etab. Musika, elkarrizketak eta agenda. Aritzek gustuko dituen doinuak Euskal Herri osotik zabaltzen ditu disko jartzaile modura aritzen denean, eta agendan, lehentasuna ematen zaie festa eta sound system hauei.
Sound System saioa Molotoff Irratiko estudioetan grabatzen da baina, Arrosa sarearen bitartez, Euskal Herriko hainbat irratietan entzun daiteke. Saioa, astearte eta asteazkenetan emititzen da (22:00etatik 23:00etara) Molotoff Irratian (91.8fm) Hernaniko irrati librean (www.molotoffirratia.com). Era berean, ostegunero (22:00etatik 23:00etara) Info7 irratian (www.info7.com) entzun daiteke eta Arrosa irrati sarearen bitartez, Hala Bedi, Txapa, Txolarre, Uhinak eta Antxeta irratietan.
PRENTSA IDATZIA
Ugariak dira Aritzek prentsa idatzian egindako kolaborazioak. Egin eta Euskaldunon egunkarietan egindakoez gain, egun, Gara egunkarian ostegunero disko berrien aipamenak egiten ditu eta hiru astean behin, iritzi zutabea idazten du (www.gara.net).
Ghetto Sound System
1996. urtean euskara hutsez idatzita eta musika beltza eta elektronikoari eskainitako fanzine honen lehen alea kaleratu zen. Fanzinearekin batera zinta bat (k7) banatzen zen fanzinean irakur zitezkeen edukien musikarekin, Aritzek nahastuta (A aldean jamaikar doinuak eta B aldean doinu elektronikoak). Fanzineak harrera oso ona izan zuen Euskal Herriko musika beltzaren zaletuen artean, eta askorentzat Sizzla, Luciano, Transglobal Underground eta antzeko talde eta musikariak ezagutzeko lehen aukera izan zen. Bigarren alea, 1997. urtean kaleratu zen, eta hirugarren alea idatzita egon arren (zinta ere grabatuta zegoen), ez zen inoiz kaleratu. Info + : ixa74@hotmail.com
Entzun!
Aldizkaria kaleratzen hasi eta gutxira hasi zen Aritz kolaborazioak idazten. Musika beltzaren inguruko erreportaje, disko aipamen eta elkarrizketak egin ditu hasieratik. Denbora terte batean aldizkariko koordinatzaile lanak ere bete zituen. Egun, aldizkariko kolaboratzaile da (www.entzun.com). Aldizkariak antolatutako hainbat festetan disko jartzaile ere aritua da.
Gaztezulo
Aldizkariaren lehen aletik kolaboratzaile izan da. Erreportajeak, elkarrizketak eta disko berrien aipamenak. Horretaz gain, gazte aldizkariak antolatutako festa eta jaialdietan parte hartu du disko jartzaile lanetan (www.gaztezulo.com).
“Bob Marley: Begirunea, maitasuna eta askatasuna” liburua
Aritzek ez du idazle sena baina 2002. urtean, Txalaparta argitaletxeak eskatuta, “Bob Marley: Begirunea, maitasuna eta askatasuna” izeneko liburua kaleratzen du. Hasiera batean Bob Marley-ren biografia izan behar zuena, izen ezagun horren atzean dagoen mundu ezkutu eta interesgarria arakatzeko nahia bilakatzen da; esklabutza garaia, Jamaikako historia, reggae musikaren sorrera eta garapena, rasta erlijioa, ganja, etab. 80 orrialde eta irakurtzeko oso erraza (www.txalaparta.com)
GHETTO DISKAK
1998. urtean Ghetto diskak izeneko disko dendak ateak zabaldu zituen Hernanin. Aritzen aspaldiko ametsa egi bihurtuta. Zortzi urtez, gustuko doinuak jendearen eskura jartzeko aukera, eta bide batez, Euskal Herri osotik etorritako musika zaletuak ezagutzeko ohorea. Zenbat eta zenbat kantu elkarrekin entzuteko eta gozatzeko aukera… Interneten zabalkundearekin pauso handia eman da musika munduan, eta era berean, aldaketa sakonak ekarri ditu. Ghetto diskak disko dendak 2006. urte amaieran itxi zituen ateak.
---------------------ELKARRIZKETAK-----------------------------------------------------------------------------------
Gaztesarea
Bere benetako izena Aritz Usandizaga bada ere, Aritz Sound System bezala ezagutuko du musikazale gehiengoak. Hernaniarra, musika beltzaren zaletu amorratua izaki, doinu beltzak zabaltzen dihardu bere egunerokoan. Diskoak jartzen, kazetari moduan edo Ghetto musika dendan, bere zaletasuna ogibide bilakatzen du.

Zeintzuk izan dira zure bizitzako hiru diskorik garrantzitsuenak?
Garai bakoitzak bere musika izaten du. Niretzako, oso garrantzitsua izan zen Bob Marleyren Kaya diskoa esate baterako, berarekin murgildu nintzen reaggaearen munduan. Bestetik, Michael Frantiren Stay human diskoa ere oso gomendagarria iruditzen zait. Hirugarren disko gisa, Selektah Kolektiboaren lehenengoa aipatuko nuke, musikalki baino esperientzia pertsonalagatik.
Musika jartzen ibiltzen zara handik hona; zer da beharrezkoa DJ sesio on bat egiteko?
Batez ere, gustatzen zaizun musika jendeari erakusteko gogoa izatea. Era berean, jendea beharrezkoa da ere, baino ez kopururen aldetik, gogoaren aldetik baizik. Ondo pasatzeko gogoa izan behar dute eta musika estilo ezberdinetara irekia.
Txosnak, tabernak, klubak, frontoiak… non da lekurik egokiena zure sesio bat entzuteko?
Frontoiak ez, ez dute batere akustika onik. Lekua inportantea da, baina jendearen esku dago dena. Nik jorratzen dudan musikarentzat, leku itxiak dira egokienak, txikiak goxoak eta ilunak, dantzarako parada ematen dutenak.
Egunerokoan, Ghetto diskodendan egiten duzu lan. Euskal Herrian 80 hamarkadako ghettoan jarraitzen dugu musikalki?
Euskal Herrian musika asko egiten da eta oso zabaldua dago gainera. Musika zuhaitz bat baldin bada, nagusiki adar batzuk nabarmentzen dira soilik, besteak loratzeke daude oraindik. Denborarekin adar horien koloreak ikusiko ditugu, eta horrek aberastasuna ekarriko du. Musika beltza edo elektronikoa baliteke ghetto antzeko batean egotea.

Zure dendan, Alex Ubago, David Bisbal edo horrelako zerbait eskatzen dizutenean, zer pasatzen da zure burutik?
Lan asko daukagula egiteko oraindik. Ziur nago, horrelako disko bat erosten duenari informazioa eta aukera gehiago emanez gero, beste zer edo zer hartuko lukeela. Askotan bezeroak ikusten duena eskatzen du, eta publizitate kanpainek garrantzi handia dute zentzu horretan.
Musika inguruan bizi zarela esan daiteke: musika denda daukazu, diskoak jartzen dituzu, zenbait aldizkarietan kazetari moduan zabiltza… Zuretzat, noiz da pause botoia sakatzeko unea?
Zergatik pause? Hori baldin bada gustuko duzuna, aurrera beti. Egiten dudan guztiarekin gozatu egiten dut. Azken batean pribilegiatu bat naizela badakit, ekonomikoki latza baldin bada ere, nahi dudana egiten bizi naizelako. Nire bizitzan ehuneko laurogeita bosta musikaren inguruan dabil. Batzutan nabaritzen duzu saturazio bat, deskantsatzeko beharra, baina hori ere musikaren inguruan egiten dut.
Dendari bezala, zer diozu CDen prezioen inguruan?
Desoreka handia dago CDak balio duena eta azken salneurriaren artean. Ezin da ukatu. Bitartekari asko gaude bidean eta horrela igotzen dira prezioak. Ez dago benetako orekarik. Egongo balitz, prezioak apalduko lirateke eta denen onurarako izango litzateke.
Pirateriak, musika taldeak eta dendak hiltzera kondenatzen ditu. Ados esaldi horrekin?
Musikari kalte gehiago egiten dio CDen salneurriak, pirateriak baino. Ziur nago prezio merkeagoekin, pirateria gutxiago egongo litzatekeela. Azken batean, denok nahiago dugu CD originala eskuan izatea, kopia bat baino. Diru kontua da azkenean. Hor atzean eztabaida handia dago, eta askotan hitz egitera eseri beharrean, ekidin egiten dugu arazoa. Gehiago eztabaidatu beharko genuke honelako gaien aurrean.
Koldo Otamendi
|