home kontaktua
EZAGUTU GOZATU eta ZABALDU lKASI eta ERAKUTSI ELKARTRUKATU
bob marley
  BOB MARLEY

BOB MARLEY Nork ez du Bob Marley ezagutzen? Bizi garen mundu globalizatu honetako bazter eta txoko ezkutuenetara joanda ere, ziur Bob Marley-ren kamiseta, bandera, txapa edo pina ikusi edo bere kanturen bat (bertsioa agian) entzuteko aukera dugula. Denok ezagutzen dugu Bob Marley. Batzuentzat, marihuana zigarroa ahoan duela Jamaikako hondartzetan maitasun kantuak ontzen zituen abeslaria da, eta grazia egiten die ilea korapiloz beteta eramateko zuen moduak. Beste batzuentzat, hirugarren munduak inoiz izan duen musika izarrik handiena izan zen, miretsi beharreko iraultzailea eta gizakion duintasunaren alde heriotzaraino borrokatu zen pertsona. Duintasuna defendatu eta Haile Selassie diktadorea jainkotzat hartu? Eskola lagunak ghettoetako zabor artean bizi edo hiltzen diren bitartean, BMWa, etxe dotorea eta luxuz inguratuta bizi?

Gutxi batzuentzat, berriz, salerosketarako gai bihurtu da Bob Marley. Hogeita bost urte igaro dira utzi gintuenetik eta oraindik, gaur egun ere, orain arte "argitaratu gabeak" omen ziren abestiak kaleratzen dituzte, luxuzko kutxetan eta prezio are "luxuzkoagoan". Etekin paregabeak ematen dituen merkantzia.

Irudiaren munduan bizi gara, jendea denagatik baino gehiago duenarengatik baloratzen dugu. Irudia miresten dugu eta bost axola digu atzean zer dagoen. Bob Marley musikari eta abeslari aparta izan zen; inoiz ezagutu dugun onenetakoa, baina ezin ahaztu inguruan izan zituenak ere ez zirela makalak. Guztien artean osatutako kantuak, behin eta berriro entzun ditugunak, gu emozionatzea lortu dute, sentimendu kontrajarriak azalarazi dizkigute eta asko disfrutatu dugu kantuok entzunda. Gure bizitzaren parte dira.

Musikaren eremua gainditzea lortu zuen Bob Marleyk. Jende askori itxaropena bueltatu eta beraien eskubideen defentsan borrokatzeko indarra eta inspirazioa eman zien. Ametsak egi bihurtu daitezkeela erakutsi zien, eta horregatik guztiagatik eskerrak eman nahi dizkiogu Robert Nesta Marleyri. Gure errespetu osoa irudiaren atzean dagoen pertsonari. Zionen ikusiko dugu elkar.

ARITZ SOUND SYSTEM
ixah.net   188 Posta Kutxa, 20120 Hernani  email:ixa74@hotmail.com telf:675 703 276
website by stamfordhell